You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Babeslea: Babesle: Fundaciu00f3n BBVA
Babeslea: Babesle: Fundaciu00f3n BBVA

Ba al zenekien...?

Atal hau “Louise Bourgeoisen unibertsoa” izeneko didaktika proiektuaren parte da. Gure garaiko artista gailen honen bizitzari eta lanari hurbiltzeko aukera ematen du. Izan ere, Bourgeoisen arte-ibilbide luze eta oparoa haren bizitzarekin estuki lotuta dago. 

Artistaren bizitzaren zertzelada batzuen eta behin eta berriro landu zituen gai batzuen berri izango duzu; horien artean daude giza gorputza, arkitektura, psikearen eta emozioen garrantzia eta norberaren oroitzapenak. 

Eduki horien bidez artelanak aztertzeko modu zirraragarria eskaini eta artistaren historia konplexua azaldu nahi dugu.

Louise Bourgeois 1975ean, Avenza (1968–69) latexezko eskultura jantzita, gerora Aurre egin (Confrontation, 1978) lanaren parte izan zen.
Argazkia: Mark Setteducati
© The Easton Foundation / VEGAP, Madril

Pertsona

“Nire izena Louise Josephine Bourgeois da. 1911ko abenduaren 25ean jaio nintzen, Parisen. azken berrogeita hamar urtetan egindako lan guztiek, nire gai guztiek haurtzaroa izan dute inspirazio-iturri. nire haurtzaroak ez du inoiz galdu magia, misterio, drama kutsua”

Louise Bourgeois, Destrucción del padre/reconstrucción del padre. Escritos y entrevistas 1923–1997. Madril: Editorial Síntesis, 2008

“Artea ideia bat edo kontzeptu bat aditzera emateko beharretik dator; mozketa, mutilatzea, norberaren buruaren mutilatzea. Inausketa, kontrola. Zure buruari erakusteko. Santutasuna, osasuna, ospea, norberaren burua ezagutzea lortzeko, artearen alderdi sendagarria, erabilgarritasuna. Zure buruari erakusteko maitatzeko modukoa zarela. Jendeak zure artearen bidez maita zaitzan”

Egunerokoaren sarrera, 1993ko abuztuaren 20a

ART21: Art in the 21st Century IDENTITY. 
© Art21 Inc. 2001, New York

Louise Bourgeoisek (Paris, 1911-New York, 2010) etxean txikitan sortu zitzaizkion beldurrak eta segurtasunik eza pairatu zituen bizitza osoan eta haren artean eragin zuten. Artean profesional ona izatea bilatzen zuen, baina baita haren bidez bere burua baieztatzea. Pertsona umoretsua zen eta haren bidez egin zion aurre bizitzako erronka guztiei; marrazkiak, eskulturak, instalazioak, performanceak eta publikoki egin eta esandakoak horren adibide dira. Arteak gai zail eta konplexuak era berrietan aztertzeko aukera eman zion. Edonolako baldintzetan gogoz ekin zion lanari, indarrez eta biziki sortzen segitu zuen. Ba al zenekien 70 urte baino gehiagorekin hasi zela Gelak egiten? Gaur egun ere Bourgeoisen lanek belaunaldi gazteagoetan eragina dute.

Gela II (Cell II), 1991 (xehetasuna)
Margotutako zura, marmola, altzairua, beira eta ispilua
210,8 x 152,4 x 152,4 cm
Collection Carnegie Museum of Art, Pittsburgh
Argazkia: Peter Bellamy
© The Easton Foundation / VEGAP, Madril

Giza gorputza

Giza gorputza maiz agertzen da Louise Bourgeoisen artelanetan; askotan zatikatuta eta berriz lotuta. Gorputza oroimenaren metafora bat da: adimenak ere modu zatikatuan prozesatzen baititu bizipenak. Sarritan, artistak gorputz atal bikoitzak erabiltzen zituen -besoak, hankak, belarriak eta bularrak- eta hala gizakiaren dualtasuna edota polaritatea aditzera ematen zuen, bai eta besteenganako dependentzia. Beste batzuetan, gorputza irudikatzeko ikurrez baliatzen zen, esferak eta kiribilak kasu; horiek gure izatearen jatorrizko formatzat jotzen dira. Sexualtasuna ere ageri da Bourgeoisen lanetan; emozio batzuk pizteko erabili zuen. Emozio horiek gorputzaren forma eta funtzioen bidez irudikatu zituen. 

1. Zer adierazteko ipini zituen gorputz atalak artelanetan? 

2. Autorretratu bat egiteko, zer gorputz atal aukeratuko zenuke? Zergatik? 

3. Zertan datza hitzik gabeko komunikazioa? Zer aditzera ematen dute gure keinuek?

Gela (Choisy) [Cell (Choisy)],1990–93
Marmola, metala eta beira 
306,1 x 170,2 x 241,3 cm
Collection Glenstone
Argazkia: Maximilian Geuter
©The Easton Foundation / VEGAP, Madril

Arkitektura

Louise Bourgeoisek 70 urte baino gehiago zituela hasi zen Gelak egiten. Sail horren bidez arkitektura gune txiki eta intimoak sortu nahi zituen, barruan ibiltzeko modukoak. Beraren burua ezagutzeko tokiak behar zuten, eta bere tamainari egokitutakoak ziren (txikia eta argala zen). Askotariko arkitektura-osagaiez eraikitakoak dira Gelak lanen egiturak, hala nola, ateez, leihoez, eskailerez eta metalezko saretez. Batzuetan, osagai horiek eraitsitako eraikinetatik hartutakoak dira; beste batzuetan artistaren etxetik zein estudiotik ateratakoak. Gela guztiak sinbolismoz beteta daude eta kanpoko eta barneko munduaren arteko ate eta hesi dira. 

Etxea ere, arkitekturarekin lotutako beste motibo bat, maiz azaltzen da artistaren lanetan. Babeslekua eta kartzela da: babesten eta giltzapetzen gaitu aldi berean. Artelan batzuetan, emakumea eta etxea berdintzen dira, hots, emakumeak etxea hezurmamitzen du. 

1. Zer sentituko zenuke Geletako barrualdea ikuskatzean? 

2. Bourgeoisentzat, marmola material terapeutikoa zen. zer ezaugarri dituzte, zuretzat, Geletako materialek? 

3. Nola lotzen ditu Bourgeoisek gelen barrualdea eta kanpoaldea?

Armiarma (Spider), 1997
Altzairua, tapiza, zura, beira, oihala, goma, zilarra, urrea eta hezurra
449,6 x 665,5 x 518,2 cm
Collection The Easton Foundation
Argazkia: Maximilian Geuter
© The Easton Foundation / VEGAP, Madril

Psikearen garrantzia

Louise Bourgeoisen Gelak sailak zama emozional eta psikologiko handia du. Funtsezko sentimenduak islatzen dituzte lanek, besteren artean, maitasuna, gorrotoa, frustrazioa eta mirespena. Artistak horrela giza emozioen zerizana aztertzen zuen, maiz anbiguoak eta kontrakoak baitira. Horiez gain, beldurra ere agertzen da. Bourgeoisentzat beldurra oinazea zen eta modu askotan adieraz zitekeen: min fisikoa, emozionala, psikologikoa, mentala eta are intelektuala izan zitekeen. Minari aurre egin nahi izan zion artearen bidez, bai eta errua, frustrazioa eta sufrimendua artelanetan gauzatu, haien esanahia jakiteko. Bourgeois ikasia zen eta neurologian eta psikoanalisian interesa izan zuen. 

1. Lan hauetako zein osagaik dute lotura beldurrarekin? Zergatik? Eta maitasun eta gorrotoarekin? 

2. Kanpoaldean Bourgeoisen beste eskultura bat dago, armiarma itxurakoa eta handi-handia: Ama (Maman, 1999). Haren hanka artean ibiltzean zer sentitu duzu? 

3. Ispiluak behin eta berriz ikus daitezke Geletan. nola ikusten zuen bere burua artistak, zure ustez?

Logela gorria (Gurasoak) [Red Room (Parents)], 1994 (xehetasuna)
Zura, metala, goma, oihala, marmola, beira eta ispilua
247,7 x 426,7 x 424,2 cm
Bilduma pribatua, honen eskaintza: Hauser & Wirth
Argazkia: Maximilian Geuter
© The Easton Foundation / VEGAP, Madril

Norberaren oroitzapenak

Gelak lanen funtsezko osagai dira artistaren oroitzapenak eta haren historia pertsonala. Bourgeoisen jardunak ardatz autobiografikoa zuen eta haurtzaroaren garrantzia azpimarratzen zuen; haurtzaroan magia, misterioa eta familian bizitako drama nahastu zitzaizkion, eta gerora horrek eragin handia izan zuen haren bizitzan. Artistak iragana gorde zuen, argazkien, altzarien, eskutitzen, arropen eta abarren bidez; halaber, eguneroko bat idazten zuen, non egindako, sentitutako eta ikusitako guztia deskribatzen zuen. Nostalgia ez zuen produktibotzat hartzen, baina, halere, honakoa esan zuen: "Nire oroitzapenak behar ditut; nire dokumentuak dira". 

1. Bourgeoisentzat arropa oroimenak pizteko oso baliagarria zen. Gela hauetako arropa batzuk jantzi eta ukitu zituen edo inguruan eduki zituen; bizitzako zein unetan uste duzu erabili zituela? 

2. Eguneroko zein eszena gerta litzateke Gela hauen barruan?  

3. Artistak esan zuenez, pertsonek gure historia kontatu behar dugu, ahaztu eta barkatu ahal izateko. Zein da zure iritzia?

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean